Aixerrota mendibizikletazaleen elkartea

http://aixerrota.blogspot.com :: Uribe Kostako MBzaleak :: MB ibilbideak :: MB markak eta akzesorioak


Mendi bizikletako modalitateak

Zortzi dira mountain bike edo mendi bizikletak dituen modalitateak. Egia esateko, zaila da askotan ondo bereiztea modalitateak, hibridoak ere agertu direlako. Dena den, garrantzitsuenak hemen daude. Bakoitzaren ezaugarriak ere ikusiko ditugu.
  1. X Countrya (XC), cross country edo rallya. Mendi bizikletak duen modalitaterik zabalduena. Bizikletak 100 mm.ko urkila izaten du modalitate honetan. Bizikletak zurrunak zein suspentsio bikoak izan daitezke. Herri eta basoetatik zehar ibiltzea da kontua, hau da, ingeleshiztuen esaten duten bezala, country edo landa zein basoetarako dira, pisu txikikoak eta aldapan gora errendimendu handikoak izan behar direnak. 7-10 kilometroko zirkuitoak erabili ohi dira rally lehiaketak egiteko.
  2. Enduroa. Cross country eta freeride modalitateen artekoa. Bizikletek 130-165 milimetroko urkilak dituzte. Aldapan behera egokiro joateko bizikletak ere badira izan. Enduroa mendian praktikatu ohi da bide harritsuen artean sarritan, eta motoetan ere modalitate arrakastatsua da.
  3. Freeride-a. Muturreko modalitatea. Bizikletak ondo prestatuta egon behar dira, 160 mm.tik gorako urkilekin. Megavalanche azpimodalitatean 8-10 kilometroko jaitsierak egiten dira.
  4. Maratoia. Suspentsio osoko bizikletekin praktikatzen da rally moduko modalitate hau. Bizkletak 100-120 milimetroko urkilak dituzte. Maratoian, ibilbide luzeak egiten dira, sarritan 80 kilometro baino gehiagokoak.
  5. Duala edo dual slalom-a. Bi txirrindulari aldapan behera abiatzen dira dintantzia laburreko parez pare doazen ibilbideetatik zehar, nor baino nor arinago.
  6. Downhilla edo jaitsiera. Modalitate honetan aldapan behera egiten du txirrindulariak. Banan-banan irteten dira ziklistak eta kronometroaren aurka egiten dute ahalik eta azkarren jaitsiz. Behin, behean, teleaulkiak hartzen dituzte tontorrera berriz ere igotzeko.
  7. Street, urban edo kaleko modalitatea. Hiri eta herriko kaleak eta monumentuak aprobetxatzen dira bizikleta erabilita beraietatik zehar trebezia erakusteko.
  8. Road edo errepidea. Bidegorri zein errepidetik ibiltzea da. Gurpilak meheagoak izaten dira rozamendu gutxiago edukitzearren. Bizikletak zurrunak edo suspentsio bakarrekoak izatea nahikoa da errepideko modalitatea praktikatzeko.
Seguro asko norberak badauka bat gurago duena. Kontua ondo pasatzea da eta ariketa fisikoa egitea. Mendi bizikleta maite dutenek ziur dutela bat, besteen gainetik maiteago dutena.

Serantes mendirako ibilbide zapuztua

Gorkak zorte txarra dauka aspaldi honetan. Gaur goizean, gurpila zulatu zaio Serantes mendirako bidean. Guztitara bost joan gara: Urtzi Altube, Iñaki, Fermin, Ricardo eta Gorka. Urtzi Altuberekin Areetan geratuak ginen eta bakarmena eskatu behar diogu beranduago agertu garelako pintxazoa zela-eta. Hona hemen argazkiak. Konturatuko zaretenez, Galeako muturrean laino itzela zegoen. Tamaina handian ikusteko, klik egin behar hautatutako argazkian.



Akarlandara Sustatxa-Unbetik zehar

Gaur goizean, Erandioko Akarlanda parkera irten gara goizeko 10.15etan. Fermin, Ricardo, Iñaki, Kepa eta Gorka abiatu dira 13.00etan itzultzeko helburuarekin Unai Basurkoren beluntziaren irteera ikusi nahi genuen-eta. Guztitara 22 kilometro egin ditugu, Iñakik zenbaturik. Tamalez, neuri katea apurtu zait Akarlandara heldu bezain laster eta Iñakiri gurpila zulatu zaio ibilbidearen amaieran. Getxoko batzokian freskagarriak hartu ostean, Galeara joan gara belauntzien irteera ikusi ahal izateko. Egun ederra eta giro ezin hobea Galean. Hona hemen ibilbidean hartutako argazki batzuk:




Akarlandan barrena, Erandio herrian

Datorren igandean, urriaren 22an, goizeko 10.00etan Akarlanda parkera joango gara. Irteera berri bat roam modalitatea praktikatzeko. Badakizuen bezala, roam egiten dugunean bide berriak zabaltzen saiatzen gara, eremuak aztertzera joaten gara, bideak urratzen ahalegintzen gara. Beti bezala, Aixerrota ondoko aparkalekutik irtengo gara eta Fadurako bidea hartuta, Erandiko Akarlanda parkera abiatuko gara. Gogora dezagun, Akarlanda Euskal Herriko Unibertsitatetik hurbil dagoela. Beheko irudian X letraren bidez Akarlandako goiko sarrera agertzen da, mapan kokaturik. Leioa-Unbe bidean. Politika bezala, bide berriak urratzea ezinbestekoa da jendearen gogoak berriztatzeko. Espero dezagun bide polita egitea eta euri askorik ez edukitzea. Erne egon gaitezen eguraldi iragarpenei. Badakikezuenez, eskumako zutabean dituzue lotura bi zer-nolako eguraldia egongo den jakiteko (zutabearen behekaldean).

Uribe Kostan zehar

Gaur goizean, Aixerrota taldeko hainbat kidek festa luzea hartu dutela-eta, hiru animatu egin gara azken momentuan mendi bizikletaz irteteko. Kepa, Iñaki eta hiruok Aixerrotatik Isertegirainoko bidea egin dugu. Joanean ordubete eta hogei minutu tardatu dugu bide hori eginez, hau da, Getxotik Barrikako Isertegiko muturreraino. Eguraldia ezin hobea izan da eta Julio deritzon lagun batekin topo egin dugu. Iñakiren laguna da Julio. Hona hemen argazki batzuk. Beraietan klik eginez gero, tamaina handian ikusi ahal dira.


Shimano XTR, urrian eskuragai

Hilabete batzuk itxaron ondoren, aurtengo apiriletik hain zuzen ere, azkenean badirudi urrian Shimano XTR berria edukiko dutela mendi-bizikleta dendetan. XTR berriak aukera emango digu bi pinioi mugimendu batez batera aldatzeko eta pedalierrean titanioa eta karbonoa sartuta pisua txikitzea lortu dute. Desbiadoreetan aldaketa handirik ez dago. XTR berriak aurre egingo dio hain ospe handia lortu duen SRAM markaren X.0 deritzonari. Enpresa japoniarrak findu nahi izan du goiko mailako aldagailu sistema, haiek dioten bezala, engineered for the way you ride (egina bizikletaz ibiltzeko duzun modurako) lelopean. Ikus dezagun ondoko argazkian, XTR piezak eta beherago aldagailu berria.


Galdamesko bide berdean zehar

Gaur goizean, Aixerrota MTB taldeko hiru kide, Kepa, Iñaki eta Gorka, Gallarta-Galdames bide berdea egiteko irten gara goizean goiz Aixerrotako aparkalekutik. Goizeko 9.15etan abiatu gara Gallarta herrira. Bigarren irteera da, bertara egiten duguna, abuztuaren amaieran beste bat egin genuelako. Getxoko irteera gunean, sorpresa eduki dugu Isidorok bisita azkarra egin digulako. Gainera Asier bizikletazalea aurkezteko aukera eman digu. Gero eta gehiago gara elkarte xume honetan. Ongi etorriak izan daitezen guztiak.

Gaurko eguna oso aproposa izan da Gallarta bisitatzeko, zeren bertako Burdin Jaia ikusteko aukera eduki baitugu. Meatzariak, idiak, titiriteroak, antzinako harginak... Festa ederra Meatzaldeko ohiturak-eta ikusteko eta antzinako aroetan barna bidaiatzeko. Museoa ere ez da falta izan eta bertan egon gara meatzarien historia berrikusten. Egun gogoangarria.

Hona hemen gaurko argazki batzuk (klik eginez gero, tamaina handian ikusi ahal dira):





Bizikleta festa Oiartzunen

Oiartzun herrian bizikleta festa ederra egin zen orain dela gutxi. Oiartzundarrek, gazteak zein nagusiak, txikiak zein profesionalek, bizikleta hartzeko parada eduki zuten eta festa handia montatu. Argazkiak ikusi eta artikulua irakurri nahi baduzue, Oiartzungo gazteen blogean topatu ahal duzu dena.

Trek demo 2006 Barakaldon Getxo Zikloak dendaren eskutik

Mezperrekan dagoen Gorostitza kiroldegian geratu ginen mendi-bizikletazale batzuk Trek Subaru Demoko bizikletak probatzeko. Ibilbidea bertan hasi eta Zugaztieta (La Arboleda) herriraino joan behar zen Getxo Zikloak dendak eta Trek markak antolatuta. Igande goiza zen, egun ederra txirringaz ibiltzeko eta aukera ezin hobea Trek bizikleta berriak probatzeko. Ez da nolanahikoa 3.000 euro inguruko bizikletak probatu ahal izatea! Getxo zikloetako Unai Allendek oso ondo antolatu zuen guztia. Amaieran gozokiak, edariak eta fruitu lehorrak banatu zituen getxoztarrak. Gainera Getxo Zikloak marka zeraman txirrindulari kamiseta ezin hobea ere oparitu zigun bertara joan ginen guztioi.

Tamalez, egunak zoritxarra eman zuen: gutako batek itzelezko erorikoa eduki zuen eta anbulantzia etorri behar izan zuen Zugaztieta herriraino. Ospitaleko larrialdi zerbitzuetara eraman behar izan zuten laguna. Erorikoa handia izan arren eta aurpegiko masailan kolpe izugarria jaso zuen arren, pozik joan ginen guztiok etxera azken berrien arabera hobeto baitzegoen ospitalean. Bihoazkio lerro hauetatik gure gomuta eta uxala berriro ere gertatuko ez balitz. Bestalde, eskerrak ematen dizkio Oscar-i erakutsitako ibilbide zoragarriagatik La Cruz tontorretik zehar. Handia da benetan horrelako kide baten ondoan joatea.

Hona hemen igande goizean hartu nituen irudi batzuk (klik eginez gero, tamaina handian ikus daitezke argazkiok):



Zuberoren dendan, aholku bila bizikleta aukeratzerakoan

Luis Zubero arratiarraren dendara jo dut. Bilboko Diputazio kale zentrikoko 3. zenbakian dago eta Ciclos Zubero du izena dendak. Bertara joan naiz erosleek eduki ohi duten zalantza bat argitu nahian. Adituen aholkua beharrezkoa dugu, bizikleta asko baitaude merkatuan, oso desberdinak direnak: suspentsio bakarreko bizikletak eta suspentsio bikoak, zein erosi, hor dago zalantza. Suspentsioa izaten da bereizgarritasunaren seinale sarriro. Dendan, Dorleta dago kutxan eta Luis eta Iker bizikletak konpontzen topatzen ditugu. Atsegin handiz, lanari uzten diote eta egiten diegun galderari erantzuteko prest ageri dira. Azken buruan, egiten diedan galdera, gomendioa da; bizikleta gogor eta suspentsio bikoen artean aukeraz. Honako erantzuna ematen digute:
"Suspentsio biko bizikleten salmenta nagusitzen ari da gaur egun. Prezioari dagokionez, 1000 euro ingurukoak dira eta edonondik ibiltzeko balio dute. Suspentsio bikoen abantailak honakoak dira: erosotasuna, bizkarrerako hobeak, seguritate handiagoa ematen digute eta aldapan gora eta behera egokiagoak dira. Suspentsio bakarrekoak rallyetarako erabiltzen dira eta merkeagoak topa ahal ditugu gehienetan, nahiz eta garestiak ere badiren."
Beraz, badakizue zein den adituaren gomendioa bizikleta gogorra, hau da, suspentsio bakoa edo bakarrekoa, edo suspentsio bikoa erosteko zalantzatan egonez gero.