Aixerrota mendibizikletazaleen elkartea

http://aixerrota.blogspot.com :: Uribe Kostako MBzaleak :: MB ibilbideak :: MB markak eta akzesorioak


Salburuako ibilbidean zehar

Gasteiz hiri laua da eta bertan perimetro berdea ari dira osatzen apurka-apurka. Oso ideia ona eta erakargarria edonorentzat. Oinezkoentzat zein bizikletazaleentzat, horrelako lanak fruitu onak izango ditu zalantzarik gabe turismoan eta politikoki ere errentagarria izango da. Gasteiz-ek ederto planifikaturik dauka eranztun berdea deritzona: hiriaren ertzean bidegorri eta bidehori sortzea 40 kilometro inguru bizikletaz egin ahal izateko.

Larunbat arratsaldean, goizean gogor lan egin eta gero, Kepa eta biok eranztun berde horretako Salburua ezagutzera joan ginen, bizikletak furgonetan ipinita. Oso eguraldi ederrarekin topatu ginen eta Elorriagan aparkatu eta gero, abiatu egin ginen Arkaute eta Elgorriaga herrietan barna doan ibilbide berdea, Gamarraraino heltzen dena, egitekotan. Guztitara 36,2 kilometro egin genituen Gasteizko ekialdea eta ipar-ekialdea ondo ezagutuz eta bertan egin dutena dastatuz.

Ibilbidea hasteko leku aproposa da Elgorriaga herria. Bertan hotel zoragarria dago XVI mendeko eraikin baten oinarrian dagoena eta non kafe ona ematen duten. Kafe ona edukitzeaz gain, antzinako ardandegi baten antza daukanez, ikusgarria da zinez. Bertan utzi ahal da aparkaturik autoa edo furgoneta, argazkian ikusten duzuen bezala. Hotel-jatetxeak Palacio de Elorriaga izena dauka. Tamalez, bizikletak furgonetatik jaitsi eta berehala konturatu zen Kepa bere txirringa pintxaturik zegoela. Horrexegatik ikusten dugu beheko argazkian Kepa zulatze hori konpondu nahirik.



Hurrengo bi argazkietan honakoa ikusten da: ibilbidean zehar erabiltzen dituzten seinaleak mendigoizaleak eta txirrindularik gal ez daitezen, ezkerreko argazkian. Eta Kepa bidearen hasieran (tamaina handian ikus daiteke baldin eta argazkiotan klik eginez gero) eskuinekoan.



Behin Palacio de Elorriaga hoteletik kilometro eta berrehun metro ibili eta gero bide berde horren harreragunea topatzen dugu. Oso neska jatorra eta euskalduna topatu genuen bertan, Leire izenekoa, informazio ederra ematen ziguna. Beheko ezkerreko argazkian ikusten den bezala, oso polito daukate harreragune ondoko bidea. Eskumako argazkian, harreragunea bera ageri da, larunbat eta igandeetan zabalik dagoena. Turistak bertan informazio ederra aurkitu ahal du bertako hegaztiei buruz eta bidegorrien gainean.



Ibilbidean bidegorritik goaz eta baita bidehoritik ere, hau da, nekazal bideen antzeko harritxuak dituzten bideetatik zehar. Alegria ibaia eta Arkauteko fadurak ere ikusten dira bizikleta bidetik paisaia ederragotuz.



Beheko argazkian Kepa ageri da Lizarraga deritzon hegazti-behatokitik. Tamalez, Los fresnos izena jarri diote lekuari jatorrizko euskarazko izenaz ahaztuta. Las Zumas izena dauka beste behatokiak eta izen horrekin ere ez dute asmatu arduradunek, nire ustez. Herrialde diglosikoan bizi garelako seinale. Euskaldunon zeregina kexatzea da eta euskarazko izen jatorrizkoa proposatzea: Zumeta. Eskuineko argazkian, Kepa ikus dezakegu pedalei eraginez bideska berde-horian zehar.




Beheko ezkerreko argazkian ni-neu agertzen naiz ibilbideak dituen egurrezko zubi polit batetik zehar pasatzen. Zubiak oraindik eraikitzen ari dira eta benetan gustuz daude eginda. Eskuineko argazkian, ostera, Kepa agertzen da Alegria ibaiaren ondoan iparraldeko alderdian.




Hona hemen, egindako azken bi argazkiak. Ezkerrekoan Tau Baskoniaren saski-baloi pabilioia ageri da.


Getxoko bizikleta martxako argazkiak

Bizikletaren erabileraren alde egiteko, Getxoko udalak Areeta-Algorta-Areeta bizikleta martxa antolatu zuen igandean. Bertan egon ginen Aixerrota elkarteko Iñaki eta biok. Hona hemen argazki batzuk, bertan egindakoak. Zorionak Bilbao Aseguruak konpaniakoei opariagatik eta horrelako ekitaldi batean laguntzaile izateagatik. Argazkietan klik eginez gero, tamaina handian ikus daitezke.



Sanzena bidea Martiarturaino

Gaur goizean bi ekitaldi eduki ditugu, alde batetik Aixerrotatik Martiartura abiatu gara. Behin Martiartura helduta Areetako bidea hartu dugu Getxoko bizikleta martxan present egoteko.

Kondaketa:
Aixerrotatik Martiartura 8 kilometro daude eta bidea oso laua da. Lehenengo Zientoetxe bidea hartu dugu harik eta Muru estartara heldu garen arte (1,25 kilometro Aixerrotatik). Gero Murutik Fadurako bidea hartu dugu Larrañazubirantz. Hortik hasten bidea aranean zehar Santa Kolomako baselizara doana. Baseliza eskuinaldean lagatzen dugu eta zuzen segitzen dugu oso trafiko gutxi duen errepidetik Martiartuko torrea ikusi arte. Kaminoaren amaieran katea dago azken baserrian eta behera egin dugu landan zehar erreka paretik joateko. Erreka segitu dugu torrerako bidean eta tramo txiki bat basotik pasatu ostean, Martiartu ondoko aldapa igo dugu goiko argazkia egin eta berehala, oso aldapa motza eta golfean praktikatzeko zelai baten ondotik pasatzen dena. Horrelaxe bete dugu bidea eta zortzi kilometroak, Ricardo Sanz gida eraman dugula. Ricardorekin Fermin, Endika, Iñaki eta Gorka joan dira.
Beheko argazkietan Martiartu ondoan agertzen gara. Lehen argazkian Martiartuko probakotiaren ondoan. Horren azpian torrearen ondoan gaude. Eta eskuinaldekoan Fermin eta Ricardo Artatza auzunean autobidea zeharkatzen zubitik. Horien azpian Leioan ageri dira Ricardo, Endika eta Iñaki. Argazkietan klik eginez gero, 800x600 tamainan ikusi ahal dira.


Irailaren 17an bizikleta nagusi Getxon

Igandean, Areetako trengeltoki plazatik irtengo da bizikleta martxa, Getxok urtero antolatzen duen autorik gabeko asteko ekintza bezala. Eguerdiko 12.00etan abiatuko da bizikletazaleen martxa Areeta auzunetik, oinak, garraio publikoak eta bizikletak erreibindikatzeko eguna delako Europako hainbat hiritan, aurreko artikulu batean komentatu nuen bezala.

Martiartuko bidea arakatuz

Datorren igandean, irailaren 17an, mendi bizikleta irteera bat egingo dugu Bolue-Martiartu bidea eginez. Ricardo Sanz kideak markatuko du bidea eta kronografoa eta mapak eramango ditugu MTB bide hori arakatzeko, mendi bizikleta deritzon kirol honen gauza politenetarikoa eginez: ROAM. Ibilbide honen eragozpen fisikoak eta teknikoak ertain-altuak dira. Nahiz eta euria egin, joan egingo gara (txaparrada eta ekaitza egonez gero, ez, jakina). Igandeko 10.00etan irtengo gara Aixerrotako aparkalekutik. Etorriko direnei gogoratu nahi diegu ezinbestekoa dela kaskoa eramatea.

Oharra: Bolueko argazkia Tomi Etxeandia irakaslearena da. Eskerrak bihoazkio hemendik.

Getxo, autorik gabeko hiria aste batez

Irailaren 16tik 22ra Getxo autorik gabeko hiri bihurtuko da. Europako 320 herri eta hirik ere egiten dute ekitaldia herritarrei gogorarazteko larregi erabiltzen dugula autoa geure hirietan. Mobilitatea beste modu batez ere sustatu ahal da eta horien artean bizikleta ageri da aukera modernoa bezala. Hiri aurreratuetan mendi bizikletak txirringen aroari aire freskua ekarri dio txirrindularia seguruago doalako bidegorri eta MTB bideetatik. Amerikako Estatu Batuetan IMBA elkartea (International Mountain Bike Association) ere sortu da mendi bizikleta erabiltzaileen interesak mundu osoan defenditzeko eta dagoeneko munduko hainbat herritan ari da lanean. Asko falta zaigu Estatu Batuek, Kataluniak edo Holandak duten MTB bide sarea edukitzeko baina dagoeneko zerbait egiten hasi gara hemen parajean: BTT zentroak, bidegorri sarea eta abar.

Mountain bike-aren munduak bizikleta salbatu duela, bistan da. Errepideko bizikletaren praktika gero eta arriskutsuagoa bihurtzen ari zelako. Orain, autobideak gero eta gehiago izan daitezen eta zabalagoak nahi ditugu. Aurten bi errei edo ildo ditugu eta biharamunean hirugarren erreia egiteko pentsatzen dugu trafikoa gero eta ugariagoa delako. Errepideak jan egin gaitu eta tamalez, trenak ere ez du erakarri jendearen arreta abiadura handikoak sortu ez ditugulako. Zenbait sasiekologistak ere trena ahaztu dute erabat eta auto eta errepideetan baino ez dute pentsatzen, orain dela gitxi egiaztatu ahal izan dudan moduan. Aisialdiaren aroan bizikleta sustatu behar dugu ahaztu gabe gure herria sendoa dela esparru honetan, bizikleta ekoizle bezala: Orbea, BH, Conor... bizikleta marka ospetsuak eta nazioarte mailan zabaldu direnak, Mikel Indurain eta beste izen batzuk munduan zehar eukaldunon berri eman dutenak eta abar.

Beraz, autoaren aroan, autorik gabeko hiriak ekintza ongi etorria izan bedi. Gehientsuok autogidariak garen aroan ere, bestelako mobilitatea dagoela gogorarazteko balio behar du horrek. Hori dela-eta, bizikletak har ditzagun Uribe Kostako herritarrok egun horietan ahal den neurrian. Gorputzak eskertu egingo digu ezbairik gabe. Lanera joateko zein naturaz gozatzeko, bizikleta gure bihotzean.

Kideon itsulapikoa sortu dugu

Behin igandeetako ibilbideak amaitu ostean, freskugarriak eta garagardoak edatera joan ohi gara Javier Gorroñoren Getxoko batzokiraino indarrak hartu nahian. Kontsumizio horiek ordaintzeko 10 euroko sosak batzea erabaki dugu. Beraz, gure webgunean eta eskuineko zutabean Kideen itsulapikoa ikusiko duzue hemendik aurrera; horrela, geratzen den dirua kontrolatzeko. Agian lortzen dugu egunen batean bazkari ederra egitea... Uxala horrela izango balitz! Kutxazaina, oraingoz, artikulu honen egilea da.

Enarena bidea, Getxoko kostaldean zehar

Gaur berton, bostgarren ibilbidea egin dugu Aixerrota MTB elkartean. Iraileko igande eguzkitsu honetan Aixerrota-Martiturri-Fadura-Algorta-Areeta ibilbidea egin dugu. Hona hemen zenbait argazki, egindako 24 kilometroetan zehar burututakoak. Argazkiak 1280x960 tamaina zabalean ikusi ahal dira baldin eta klik egiten baduzue beraietan. Beheko azken argazkian beste tamaina batean ipini behar izan dut argazkilari eztrebeak eskua ipini zuelako kamara aurrean (eskerrak moldatu naizen, argazkia salbatzeko zeren gixajoak ez zuen asmatzen argazkia egiten, halafede!). Hasteko, lehen bi argazkiak hementxe berton daude pixka bat moldaturik Gimp programaz komiki bateko pertsonaiak izango bagina bezala (moldaturiko errealitatea, heroiak bagina bezala igande batez):



Beheko argazkian, Alfredo agertzen da Fadurako iturriaren ondoan. Fadurako kiroldegiaren atzekaldean Iturgitxi erretegirako bidea dago eta bidegorriarekin bat egiten duen gunean iturri ederra dago atseden hartzeko.



Hurrengo argazkian, bederatziok agertzen gara Zugatzarteko gunean Getxoko hondartzetan zeharko bidegorria hartzeko momentuan.



Segidan, ibilbidearen zehaztasunak jarriko ditugu, guk bezalaxe, beste batzuek ere egin dezaten. Ibilbideak Endika Enaren izena darama. Horregatik ipini diogu Enarena ibilbidea, berarena izan baita ideia Goñi, Ibarrengoa eta Martiturri estartak aukeratzeko.

Ibilbidea: Enarena ibilbidea
Nondik nora: Aixerrota-Martiturri-Fadura-Algorta-Areeta
Distantzia: 24 kilometro (joan-etorria)
Eragozpen maila fisikoa: baxua
Eragozpen maila teknikoa: baxua
Erretako kaloriak: 238
Bataz besteko abiadura: 12,9 k/o
Gehienezko abiadura: 29,9 k/o

Kronograma:
Irteera. Aixerrotako aparkalekua (Getxo)
0.9 kilometro: trenbideko barrera Getxoko Goñi kalean.
3.4 kilometro: Fadurako iturria rugbyzelaiaren ondoan
3.9 kilometro: Fadurako kiroldegiko sarrera nagusian
6.3 kilometro: Zugatzarte etorbidean bidegorri ondoan
9.0 kilometro: Algortako portuko aparkalekua
11.2 km: portu berriko kaiaren muturra
14.9 km: Areetako bidegorriaren amaiera
19.8 kilometro: Fadurako kiroldegiko sarrera nagusia
22.10 km: Martiturri estarta
22.7 km: Goñi kalea, Europa ikastetxearen ondoan
24 km: Aixerrotako aparkalekua

Kondaketa
Goizeko 10.00etan irten gara Aixerrotako aparkalekutik. Oraingo honetan 9 kide egon gara: Iñaki, Endika, Alfredo, Ricardo, Fermin, Nati, Xabier, Isidoro eta Gorka. Berehala jaitsi gara Gustavo Adolfo Becquer kaletik bidegorri zatia hartuz Aingeruaren etorbidean barrena Bentako aldapa jaitsiz. Behin Bentako kurtzera helduta eta bidegorri zatitxoa amaituta, trenbideko barreretaraino abiatu gara. Tamalez, trena pasatzeko zegoen eta gelditu egin behar izan gara. Orduantxe Endika Enaren ideia: Goñi kalea hartu eta Ibarrengoa estartatik zehar Martiturriko bidegorrirantz. Esan eta egin. Guztiok ados, Goñi kaleko aldapa txikia igo eta Gomez Uranga kalera irten gara. Gero, jaitsi errepidetik beheraino, baina trenbideko zubipera heldu bezain laster, ezkerrera egin dugu Ibarrengoa eta Martiturri estartak hartzeko. Horrela, autorik gabeko bidetik joan gara Martiturriko estartaren amaieran bidegorria hartzeko. Berango ondotik pasatu gara eta errepide nagusiaren paretik bidegorritik zehar, Faduraraino iritsi gara. Iturrian, ur freskua hartzeko aukera egon da (bertan egin diot argazkia Alfredori). Fadurako kiroldegia pasa ostean, bidegorritik segitu dugu Txopoeta etorbideko bidegorria eginez harik eta amaiera baino apur bat arinago eskuinera egin dugun arte. Orduantxe hartu dugu Zubiondo kalea eta Asuako bidea pasatzeko semaforoan itxaron ostean, Cervantes kalera irten gara Zugatzartera heldu nahian. Zugatzarte etorbidea zeharkatzeko errepide azpiko pasabidetik joan behar (astiro eta kontuz joan behar oinezkoak egon ohi direlako). Horrela, etorbidea pasa ostean eta ausartak Zugatzarteko eskilarak txirringaz jaitsi ondoren, Neguriko pasealekuko bidegorria topatzen dugu (bertan, argazkia atera zigun herkide batek asko kostata; goian dago argazkia zeharretara ipinita). Bidegorria hartzen dugu, eskuineko aldera joz, Algortako porturaino. Algortako portuko aparkalekura helduta, berriz ere bide beretik goaz kirol porturako bide hartu nahirik. Kirol portuan sartzen gara behin bidegorria atzean utzita eta kai berria ezagutzeko kutiziari muzin egin barik, bertara goaz kaiko muturreraino, atseden apur bat hartzeko. Leku lasaia da kaia eta patinatzailez eta herritarrez beterik gaur bezalako egun eguzkitsuan. Kaitik bidegorrira berriro ere. Arriluzeko portuan berriz hartzen dugu bidegorria eta Areetako bidegorriaren amaieraraino abiatzen gara. Bizkaia zubi eskegi ondotik pasatzen gara eta Iberia parean, non bidegorria amaitzen baita, berriz ere buelta egiten dugu bide beretik Zugartzarteko guneraino. Zugatzarteko etorbidea berriro ere zeharkatzen dugu pasabidetik kontu handiz eta etorri garen bidetik Aixerrotako bidea hartzen dugu 24 kilometroak eginez: 12 joateko eta beste horrenbeste itzultzeko. Ibilbide ederra Enarena!

Bostgarren irteera, Aixerrota-Areeta ibilbidean

Datorren igandean, irailaren 10ean eta goizeko 10.00etan abiatzeko, Aixerrota aldean geratu gara beste ibilbide bat egiteko. Kasu honetan Aixerrota-Fadura-Algortako portua-Areeta bidea egingo dugu. Oso erraza da eta Getxoko hondartzak ezagutzeko aukera ezin hobea edukiko dugu. Eragozpen maila oso baxua da eta bidegorritik eta errepide tramo zenbaitetatik zehar joango gara. Hortaz, Aixerrotako aparkalekuan, beti bezala, goizeko 10.00etan, igandean.
Bestalde, laster Mendatako BTT zentrora egingo dugu bidaia Gernikaldeko ibilbideren batetik ibiltzeko. Erne ibili, zeren urriaren 15erako ibilbide ederra espero baita Mendatako harreragunean, Mendatatik Oiz-eraino. Mendibizikletazaleok batu gaitezen!

Trek Fuel 80, zeharo merketurik

Getxo Zikloak izeneko dendak eskaintza ona egiten du orain, uda osteko garaian, Trek marka kaliforniarrean. Fuel 80 suspetsio biko bizikleta 1099 eurotan dago salgai orain. Aukera polita da Fuel 80 eredua erosteko, 1300 euroko prezioa eduki duena. Argazkian klik eginez gero, tamaina handian ikus daiteke. Aldagailua Shimano XT da eta txirringak 27 abiadura ditu, hau da, 3x9. Fuel 80 bizikletak disko galga hidraulikoak dauzka Shimano Deore markakoak. Ez dago gaizki, aldapa guztiak, errazak zein gogorrak, igoteko. Trek Espainiak 2006 urteko bizikleten prezioa beheratu du 2007koak merkaturatzeko hainbat arinen. Unai Allendek esan digunez, Trek-Subaru demoan 2007ko Trek eta Gary Fisher bizikletak probatzeko aukera izango dugu. Eta hori laster da, aurreko artikulu baten komentatu dugun bezala. Demoko bizikletak, Madrildik etorriko direnak ere oso beheraturik erosi ahal dira. Aukera, paregabekoa da, Trek bizikleta ospetsuak merke erosi ahal izateko. Gogora dezagun Getxo Zikloak Ollarretxe kalean dagoela, Algortako Fadura auzunearen ondoan.

Busturialdeko BTT zentroa

Euskal Herriko Autonomi Elkartean mountain bike zentro bakarra dago Busturialdean. Eusko Jaurlaritzak Arabako teknologigunean, Miñaon hain zuzen, jarri du MTB bulego teknikoa. Ideia ona da, Euskal Herrian mendibizikletazaleentzako ibilbideak faltan ditugulako. Gure herria agian ez da Holanda bezain aurreratu bidegorri eta MTB zentroen alorrean, baina hasiak gara zerbait egiten. Busturialdekoak Mendata herrian dauka harrera gunea. Guztitara 10 ibilbide daude Busturialdean eta 226 kilometro mendi bizikletaz lasai ibiltzeko. Ibilbide gogorrak, zein errazak, zein maila ertainekoak... guztientzat aproposak izan daitezkeenak. Urdaibai ezagutzeko ere parada ezin hobea ematen du ekimen honek. Informazio gehiago lortzeko EuskadiBTTzentroak.com gunean sartzea da onena. Zehazki, Mendatako Eleixalde auzoan (zenbaki gabe) topatzen da harrera gunea. Telefonoa honakoa da: 946257204. Astean zehar, salbu eta astelehen eta asteartean, zabalik dago asteazkenetik igandera honako ordutegian:
goizean, 9.00etatik 13.00etara
arratsaldean, 15.30etatik 19.30etara

Gorrondatxe-Areeta bidea

Gorrondatxe-Areeta bidea erraz egiteko ibilbidea da. Agian, batzuentzat luzeegia izan daiteke 29 kilometro direlako. Kilometroak, baina, konturatzeke burutzen dira eremua nahiko laua delako. Goizeko 10.30etan hasi eta eguerdiko 12.30etarako amaituta egon daiteke. Atzo egin genuen bidea Kepak eta biok. Ondoren ibilbide honen fitxa dator.

Ibilbidea: Gorrondatxe-Areeta
Distantzia: 29 kilometro
Eragozpen maila: baxua
Erretako kaloriak: 304
Bataz besteko abiadura: 14,4 k/o
Gehienezko abiadura: 34,4 k/o

Kronograma:
Irteera. Aixerrotako aparkalekua (Getxo)
2.15 kilometro: faroko aparkalekua
4.50 kilometro: Gorrondatxeko aparkalekua
4.71 kilometro: Goienetxe estartaren hasiera
7.39 km: Kortiñeko kurtzea
8.54 km: Aixerrotako aparkalekua
9.50 km: Andra Mariko trenbideko barrerak
12.18 km: Fadurako kiroldegiko sarrera nagusia
13.86 km: Zugatzarteko semaforoa
16.29 km: Algortako portu zaharra
20.22 km: Areetako muturra (bidegorriaren hasiera, Iberia parean)
24.90 km: Fadurako kiroldegia
27.68 km: Andra Mariko trenbideko barrerak
28.29 km: Getxoko batzokia
29 km: Aixerrotako aparkalekua

Kondaketa:
Aixerrota ondoko aparkalekutik irten gara, alboko lehen argazki honetan ikusten den bezala. Aixerrota, orain, arte aretoa da eta atxikita dagoen eraikinean jatetxe dotore eta garestia dago. Metro batzuetara labarra dago, eta bertatik, Arrigunagako hondartza eta Abra osoa ikusten da. Oso leku polita Aixerrota-Galea aldea, eta asteburuetan jendearen pasealeku bihurtzen dena, bai txirrindularientzat, bai oinezkoentzat. 2006. urtean bidegorri eta oinezkoentzako bidearen beste tramo bat zabaldu dute eta orain posiblea da faroraino bidegorriz heltzea.

Aixerrota-Galea erraz egiten da tramo osoa bidegorria delako. Desnibel apur bat dago, baina plater txikiagoa ipinita, dena konponduta dago. Horrela, Galeako forteraino heltzen gara, non iturri galanta baitago, argazkian ikusten dugun bezala. Egarri denak bertan edan ahal du edo aurpegia freskatu.


Galeako fortetik, bidegorritik segitzen dugu Aizkorriko Gorrondatxe hondartzaraino. Beheko argazkian, bidearen amaiera ikusten da. Galeatik Gorrondatxeraino, bi aukera ditugu: itsasertzeko bideskatik joan edo oinezkoeentzat den bidetik. Azken aukera hori egiten dute txirrindulari askok, baina kontutan hartu behar da oso astiro joan beharra dagoela istripurik ez edukitzeko. Bidegorria, gaur egun, faroaldeko aparkalekuan amaitzen da eta hori dela-eta, agian hobe da ahal den neurrian itsasertzetik joatea.

Behin Aizkorrin, eta aldapa txikiko metro batzuk igonda, Goienetxe estarta topatzen dugu, Galeara itzultzeko baina barneko bidetik, hau da, golfzelaiaren barnekaldetik Kortiñeraino. Bi errepide txiki eta gutxi trantsitatu gurutzatu behar ditugu eta eskuineko bideskak hartu golfzelaiaren paretik joan ahal izateko. Bidea lurrezkoa eta harrizkoa da eta aldapa gogor bat igon behar da bigarren bideska hartu bezain laster. Aldapa harriz josita dago eta nahiz eta desnibel altukoa ez izan, kosta egiten da igotzea.

Ondoren, Kortiñeko bidea hartzen dugu Galean, forteko bidetik, berriz ere bidegorria hartu nahirik. Argazkian ikusten da bidea, Galeako txalet eskergetatik pasatuz. Sakonean, Galeako gotorlekua ikusten da.

Aixerrotako aparkalekura iritsita, ezkerrera egiten dugu, bertan dagoen parketxotik bidegorria utziz eta Gustavo A. Becquer kalera irteteko. Kale horretatik metro batzuk egin eta Aingeruaren etorbidera heldu bezain laster behera egiten dugu bidegorria berriro hartuz. Tramo laburra da Bentaraino doana. Bentatik Fadurako bidea hartzen dugu. Errepidea eta bidegorria topatuz, dena da laua jada Ereaga hondartzaraino. Fadurako kiroldegiraino heltzen gara rugby zelaiaren ondotik pasatuz. Argazkian, Kepa ageri da kiroldegiko sarrera nagusiaren aurreko bidegorri zatian.

Ibilbidearen bigarren fasean, Zugatzartera helduko gara bertatik, Algorta-Areeta bidegorritik joateko. Behin, txopoeta kaleko bidegorriaren amaierara helduta, errepidearen beste aldera goaz Zubiondo kaletik barrena, semafororaino heltzeko. Semaforo horretatik Cervantes kalera goaz eta hortik, behin oinezkoentzako tunela pasatuta, Zugartzateko etorbidea pasata alegia, Getxoko hondartzetatik doan bidegorria hartzen dugu. Lehenengo Algortako porturaino goaz. Portuan egindako argazkiak dira beheko biak.

Gero, berriro ere Zugatzartera abiatzen gara bidegorrian zehar. Horrela, Areetako bidegorritik Bizkaia zubia ikusten dugu eta Iberia pareraino heltzen gara, bertan amaitzen baita bidegorria. Bueltako bidea hartzen dugu, Zugatzarte, Fadura, Goñiren gasolindegia eta Getxoko batzokia gure azken etaparen guneak izanik. Azikenean, Getxoko batzokiko Javier Gorroñoren tabernan zerbait edan eta berriz ere Aixerrotaraino azken aldapa gaindituz.

Isertegi ibilbidea

Gaur, larunbatean, Kepa eta biok irten gara Aixerrotatik Uribe Kostako itsasertzetik ibilbidea aztertzeko asmotan. Ibilbidea zoragarria izan da eta kostaldetik urrundu barik joan gara tipi-tapa kilometroak eta lekuak apuntatu nahian. Isertegiko kalaraino edo Gaztelu deritzon zonaldera heltzea zen helburua. Gaztelutik Plentzia eta Gorlizko hondartzak ikusten dira eta bueltatzeko atsedengune aproposa da. Guztitara 21,5 kilometro dira eta komenigarria da bizikleta onak eramatea, hau da, 24 edo 27 abiadura dituztenak. Ibilbide teknikoa da, kaminoak batxez betetakoak baitira, gorabehera batzuekin. Beraz, eragozpen maila ertaina da eta pentsatu erraza dela 3 ordu ematea pedalei eraginez Isertegirainoko ibilbide honetan zehar. Ikus dezagun Aixerrota Isertegi bideak zer ematen duen, argazki batzuk erakutsiz.

Aixerrota (Getxo) - Isertegi (Barrika)
Distantzia: 21.5 kilometro
Eragozpen maila: ertaina, ibilbide teknikoa
Iraupena (joan-etorria): hiru ordu inguru
Kronograma:
Irteera: Aixerrota (Getxo); bidegorria hartzen da eta Galeako sarrera nagusiraino heltzen da.
1.5 kilometro.- Galeako kurtzea: eskuinetara jo behar harresia dagoen bidetik. Hona hemen kurtzea eta zelako bidea den argazkiotan:




Laugarren argazkian ageri den bidegurutzean (Kepa kidea ageri da), ezkerretara jo behar dugu Gorrondatxeko bidean barna. Bide hori Galeako golfzelaiaren paretik doa. Horrela, aurrera egiten dugu Goienetxe estarta hartuta Gorrondatxe-Aizkorri alderdira heldu arte. Hurrengo bi argazkietan Kepa ageri da Goienetxe estartako bidea hartu guran, bi errepide estu gurutzatu behar direlako.



2.90 kilometro.- Goienetxe estartak Gorrondatxe hondartzako aldaparaino garamatza. Hurrengo argazkian Kepa ageri da Goienetxe estartaren amaieran Gorrondatxeko aparkalekuaren ondoan eta Aizkorriko autobus geltoki ondoan. Beste argazkian, eskuinekoan, autobus geltokiaren aurreko aldapan zer bide hartu behar dugun agertzen da, eskuinekoa, alegia. Aldapa hori baino aput bat beherago iturri bat dago txirrindularia egarri egonez gero ur freskua edateko.



Golfzelaiaren paretik goaz, baina barnealdetik, kostaldetik joan ordez. Jende gutxiago topatzen dugu eta nahiz eta paisaiari itsasoa falta zaion, zuhaitzak-eta topatzen ditugu. Ikusi ere Aizkorri ikastetxea ikusten dugu bidetik, beheko argazkian agertzen den bezala. Munegane bidean abiatu gara eta laster heltzen da bertara.



3.70 kilometro.- Lur-harrizko bidea utzi ostean, Larrabasterrako hondartzara doan autobide zati berriaren amaiera topatzen dugu eta bidegorritik zenbait metroz jaitsi eta gero, agur egiten diogu Munegane-ri. Hona, argazkian, Landaluze bideko autobide zatia, aldapan behera.



Behin Larrabasterrako hondartzetara doan errepideko biribilgunera helduta (beheko ezkerreko argazkia), biribilguan bertan estarta bat topatzen dugu gorantz doana (eskuineko argazkia). Estarta horixe hartzen dugu Barrikako bidea hartzeko. Itsasertzetik joan ahal izateko, bide hori baita egokiena mendi bizikletaz egiteko.



Bideska horretatik aldapa erraza dugu aurrean harik eta karabanaak aparkatzen dituzten gunera heldu arte. Beheko argazkietan ikusten da gunea karabana eta surflari auto bat bertan daudela.

6.40 kilometro.- Hortik Sopelmar ikusten da, etxe asko itsasertzean eta Sopelanako hondartzaren ondoan. Behin Sopelmarko bideko aldapa igonda, argazkian agertzen den eskuineko bidea hartu behar dugu.





Sopelmar atzean utzita, Meñakotz bidea hartzen dugu:

6.98 kilometro.- Meñakotz hondartza aldera heltzen gara
7.95 kilometro.- Meñakotzgaina igon behar dugu aldapa gogorra izanik.
8.97 kilometro.- Barrikako hondartzako aparkalekua. Bertan iturria dago eta kostaldearen mapa iturri ondoan.

Arrizabale eta Txitxarro muturra pasatuta, Gaztelu aldera heltzen gara, Isertegiko kala gure ibilbidearen azken gunea izanik. Isertegi aldetik oso paisaia polita ikusten da Plentzia eta Gorliz aurrean ditugula.



Orain buelta egin behar dugu beste 10.85 kilometro eginez harik eta Aixerrota berriro ikusi arte. Bidetik, Barrikako hondartzako aparkalekuan (12.60 kilometro) atseden hartzen dugu bertako iturritik edateko eta ondoan dagoen mapari azken begiratua emateko. Bidea oso teknikoa da egoera txarrean dauden estarta eta bidesketatik zehar joan behar delako zenbait tramotan. Paisaia zoragarria da eta gero eta txirrindulari gehiago ikusten da bertatik MTB praktikatzen.