Aixerrota mendibizikletazaleen elkartea

http://aixerrota.blogspot.com :: Uribe Kostako MBzaleak :: MB ibilbideak :: MB markak eta akzesorioak


Salburuako ibilbidean zehar

Gasteiz hiri laua da eta bertan perimetro berdea ari dira osatzen apurka-apurka. Oso ideia ona eta erakargarria edonorentzat. Oinezkoentzat zein bizikletazaleentzat, horrelako lanak fruitu onak izango ditu zalantzarik gabe turismoan eta politikoki ere errentagarria izango da. Gasteiz-ek ederto planifikaturik dauka eranztun berdea deritzona: hiriaren ertzean bidegorri eta bidehori sortzea 40 kilometro inguru bizikletaz egin ahal izateko.

Larunbat arratsaldean, goizean gogor lan egin eta gero, Kepa eta biok eranztun berde horretako Salburua ezagutzera joan ginen, bizikletak furgonetan ipinita. Oso eguraldi ederrarekin topatu ginen eta Elorriagan aparkatu eta gero, abiatu egin ginen Arkaute eta Elgorriaga herrietan barna doan ibilbide berdea, Gamarraraino heltzen dena, egitekotan. Guztitara 36,2 kilometro egin genituen Gasteizko ekialdea eta ipar-ekialdea ondo ezagutuz eta bertan egin dutena dastatuz.

Ibilbidea hasteko leku aproposa da Elgorriaga herria. Bertan hotel zoragarria dago XVI mendeko eraikin baten oinarrian dagoena eta non kafe ona ematen duten. Kafe ona edukitzeaz gain, antzinako ardandegi baten antza daukanez, ikusgarria da zinez. Bertan utzi ahal da aparkaturik autoa edo furgoneta, argazkian ikusten duzuen bezala. Hotel-jatetxeak Palacio de Elorriaga izena dauka. Tamalez, bizikletak furgonetatik jaitsi eta berehala konturatu zen Kepa bere txirringa pintxaturik zegoela. Horrexegatik ikusten dugu beheko argazkian Kepa zulatze hori konpondu nahirik.



Hurrengo bi argazkietan honakoa ikusten da: ibilbidean zehar erabiltzen dituzten seinaleak mendigoizaleak eta txirrindularik gal ez daitezen, ezkerreko argazkian. Eta Kepa bidearen hasieran (tamaina handian ikus daiteke baldin eta argazkiotan klik eginez gero) eskuinekoan.



Behin Palacio de Elorriaga hoteletik kilometro eta berrehun metro ibili eta gero bide berde horren harreragunea topatzen dugu. Oso neska jatorra eta euskalduna topatu genuen bertan, Leire izenekoa, informazio ederra ematen ziguna. Beheko ezkerreko argazkian ikusten den bezala, oso polito daukate harreragune ondoko bidea. Eskumako argazkian, harreragunea bera ageri da, larunbat eta igandeetan zabalik dagoena. Turistak bertan informazio ederra aurkitu ahal du bertako hegaztiei buruz eta bidegorrien gainean.



Ibilbidean bidegorritik goaz eta baita bidehoritik ere, hau da, nekazal bideen antzeko harritxuak dituzten bideetatik zehar. Alegria ibaia eta Arkauteko fadurak ere ikusten dira bizikleta bidetik paisaia ederragotuz.



Beheko argazkian Kepa ageri da Lizarraga deritzon hegazti-behatokitik. Tamalez, Los fresnos izena jarri diote lekuari jatorrizko euskarazko izenaz ahaztuta. Las Zumas izena dauka beste behatokiak eta izen horrekin ere ez dute asmatu arduradunek, nire ustez. Herrialde diglosikoan bizi garelako seinale. Euskaldunon zeregina kexatzea da eta euskarazko izen jatorrizkoa proposatzea: Zumeta. Eskuineko argazkian, Kepa ikus dezakegu pedalei eraginez bideska berde-horian zehar.




Beheko ezkerreko argazkian ni-neu agertzen naiz ibilbideak dituen egurrezko zubi polit batetik zehar pasatzen. Zubiak oraindik eraikitzen ari dira eta benetan gustuz daude eginda. Eskuineko argazkian, ostera, Kepa agertzen da Alegria ibaiaren ondoan iparraldeko alderdian.




Hona hemen, egindako azken bi argazkiak. Ezkerrekoan Tau Baskoniaren saski-baloi pabilioia ageri da.


Erantzunen kopurua: 0 “Salburuako ibilbidean zehar” artikuluan

Post a Comment